DISKOGRAFIA

BEHAR TEKNIKOAK

KONTZERTUAK

ARGAZKIAK

 

MIKEL URDANGARIN

 

BIOGRAFIA

 

 

Haur bihurriaren aurpegia eta aingerutxo baten ezaugarriak ditu. Begietara begiratzen badiozu, onena oraindik iristeko dagoela adierazten dizu bere begirada bareak, eta bere hizketa lasai eta samurrak beste dimentsio batera eramaten zaitu. Dimentsio horretan, literatura eta musika uztartzen dituzten bere sorkuntza-lanak euri txikia bezain gozo barneratzen dira, leun-leun, presarik gabe, erritmo konstante batez eta tema handiz.

 

Mikel Urdangarin (Zornotza Etxano-Amorebieta, 1971) ez zen ume bereziki bizkorra izan, baina ume garaiko adiskideak adin horri dagozkion gauzetan aritzen ziren bitartean, aurpegi bihurri bezain aingerutarra duen gazte kantautore hau bere lehen gauzatxoak egiten hasia zen ahozko inprobisazioaren alorrean. Jada bertsolari bihurturik, Urdangarin bertsoen alor hori probatzen joan zen lehenik, baina geroago, ohartu zen bere literatura poetikoak doinu aberatsagoen laguntasuna eskatzen ziola, bere mezuaren esanahi sakona indartzen lagunduko ziotenak. Hain erraz. Hain korapilatsu. Hain xume. Hain labainkor. 

 

Eta horrela, hutsera jauzi egin zuen, kantautore bihurtutako gaztetxo baten sinesmen pertsonala beste babesgarririk ez zuela; bere ekarpena, berriz, zenbait abesti xume, historia pertsonal baina pasio handiko batzuk eta komunikaziorako gaitasun mugagabe bat besterik ez. Sinpletasun konplexuko harrobi-lan sakon honek 1997. urtean ikusi zuen argia lehen aldiz, Haitzetan izenburupean. Euskal Herriko musika-eszenatoki jendetsuan izar berri bat jaio zela iragartzen zuen estreinako diskoa. Kantautore berria dugu beraz, aurrekoekin zorretan dagoena, jakina, baina halaber, bizitasun handikoa, aurrez urratu gabeko bide propioa eta besteren nortasun adierazgarririk gabea bilatzeko irrika bizia duena. Beti zailtasun handikoa gertatzen den errebalida hori, Mikel Urdangarinentzat, urrats bat gehiago izan zen bere ibilbide pertsonalean, ezin bereizi baitezake ibilbide artistikotik. Badira Hiru Aste lanean, berriz, ARTISTA modura agertzen zaigu, soinurako duen berezko gaitasuna egunerokoaren naturaltasunez bereganatu duena, baina beti zuzeneko harremana gordeko du adiskideen lurraldeekin (Eskozia) eta lehenagokoekin (Bertsolaritza). Ordurako, publikoak -beti inteligentzia handiz, zer gerta ere- maitasun-keinu berdinekin erantzuten die protagonistaren kantu hunkigarriei, eta gainera, ofiziokide askorentzat (Iñaki Salvador, Luis Camino, Jonathan Bews, Bingen Mendizabal edo Josu Zabala, beste askoren artean) erreferentzia bazterrezina bihurtua da dagoeneko.

 

Eskoziako lurretako oihartzuna entzungo dugu Espilue izeneko lanean (2000), eta ispilu horretan islaturik, kantautore gisara euskal ahotsik bereizienetako bat bihurtu zaigun bertsolari honen ahots ezti eta distira leun eta esanguratsuzko begirada igar dezakegu, hirugarren abesti-sortaren bidez. «Nire lehentasuna lanean gustura sentitzea zen eta lan hau harmonian grabatua dago», zioskun lan bakoitzean errepikatzen duen jolas honetako protagonistak: «testuak partekatu egin ditut, beti atsegin izan dudalako lagunei zenbait doinu uztea beren ikuspegi propioak eskain ditzaten eta, horrela, nireekin konparatu ahal izan ditzadan». Batasunean dago indarra.

 

Bere burua nabarmendu baino lehenago merezimenduak besteekin banatzea nahiago izan duen gazte honek orain arte erabilitako formula dugu, eta are nabarmenagoa geratzen da bere bizitzako hurrengo kapituluan:  hain zuzen ere, alor ugari besarkatzen dituen Bar Puerto (2001) lanean. Kirmen Uribe egilearen testu baten gainean egindako berrirakurketa egokia da, eta bertan, literatura, musika eta bideoa uztartzen zaizkigu; disko-liburu bihurturik, salmenta-errekor guztiak apurtu zituen Durangoko Euskal Disko eta Liburuen Azokan. Espilue izeneko Urdangarinen lanak ere lortu zuen marka hori iazkoan, eta ongien hornitutako burua ere kordokaraziko luke arrakasta horrek, baina hizketa-gai dugun gazte hau beste egur batekin egindakoa da. Ez al zenuten igarri oraindik?

 

Arrakasta itzelari emandako erantzuna lan barnerakoi bat dugu «benetan inporta zaidan jendeari eskainia; hurbileko jendeari, lagun eta senitartekoei, nire eragina jaso dezaketen eta nigan ere eragina izan dezaketen pertsona horiei, hain zuzen». Heldu Artean (2002) da lan horren izenburua, eta dozena bat abesti berri horiek –«nik nahiago dut pasarte deitu», dio– baikortasunez beterik ageri zaizkigu pentagramaren bazter guztietatik, eta bere lehenengo sormen-lanetako freskotasunera itzultzen zaigu, baina hasi berriaren lañotasun hura orain prestaketa landu bilakaturik. «30 urte dauzkat eta pertsona gisa egiten edo desegiten ari naiz dagoeneko. Horren azpian datzan mezua hauxe da: bizi garen mundu hau desastre hutsa den arren, bizitza oraindik ere ederra da eta merezi du, azken batean, den bezala bizitzea, bere gauza txar eta on guztiekin».

 

Mugak erori dira eta taldea bihurtu da berriro Urdangarinen egunerokotasuna, disko-liburu modura: Zaharregia, txikiegia agian-Una manera de mirar-Too old, too small, maybe (2003), Kirmen Uribe poetaren, Mikel Valverde ilustratzailearen eta Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikarien konpainian idatzia. Hiru dimentsiotako (pintura, poesia eta musika) harribitxi harmoniatsua dugu, Ameriketan egindako abentura baten ondoren mamitua, eta funtsean esaten digu «euskara, Euskal Herrian, zaharregia dela, txikiegia, agian, egunotako garaietarako, baina azken batean, euskaldunok munduari begiratzeko modu zehatz bat eskaintzen dugu, bizitzeko eta sentitzeko modu bat».

 

Eta horrela, 2005. urtearen azken txanpara iritsi gara, eta Urdangarinek oso-osorik erakutsiko digu bere gitarra, aurretik eta atzetik («ezer ez hemendik, ezer ez handik»), dena lortu arte. Dana dugu bere ABESTI bilduma berriaren izenburua, horixe delako lehentasun nagusia, lehenengotik azkeneraino, gauzak ongi egiten esperientzia handia lortu duten laguntzaile talde baten inguruan zaildutako kantautore honentzat.  «Nire ibilbide musikalean ikasi dut abestiaren alde begiratu beharra dagoela eta, une honetan, nik bezala pentsatzen duten musikariekin lan egiteko zortea dudala». Soinu orekatuak eta kolore ugarikoak dira, eta guztia testu barnerakoi batzuen zerbitzura dago, eta testuok hain dira barnerakoiak, ezen denborak ezaba ezin ditzakeen tatuajeak bezala itsasten baitira larruazalean. Egundoko iragan baten jabe, Urdangarin etorkizunari so ageri zaigu, hasi berriaren ilusioarekin eta zakur zaharraren esperientziarekin.

 

Mikel Urdangarin-en taldeko partaideak:

 

Rafa Rueda (Gitarra elektrikoa)

Bingen Mendizábal (Biolina)

Saihela (Bateria)

Koldo Uriarte (Teklatuak eta ahotsa)

Mikel Urdangarin (Ahotsa eta gitarra)

Nika (Biolina)