BIOGRAFIA

BEHAR TEKNIKOAK

KONTZERTUAK

ARGAZKIAK

 

MIKEL URDANGARIN

 

 DISKOGRAFIA

 

 

 

Zuhaitz gazte baten modura, berotegian hazten aritu den lana dugu Haitzetan (GH022), 1997an autoprodukzio gisa argitara eman zenez geroztik. Bi urte geroago, Gaztelupeko Hotsetara “aldatu” da, jatorrizko diseinuari bere horretan eutsiz.

“Sustrai garbiko zuhaitza” da, konposizio samurrak dituena, figuratiboak baina aldi berean aberatsak beren zurruntasunean. Abestiek ahots biluzia dute oinarri, eta gitarra eta celloa beste laguntzarik ez dute. Hitzak Iñaki Aurrekoetxearenak eta Mikel Urdangarinenak dira.

 

 


Lehen lanak lortutako arrakastaren ondoren, 1998. urtean Badira Hiru Aste (GH011) argitaratu zen. Testu gehienak Mikelenak dira, baina Iñaki Aurrekoetxea eta Arkaitz Estiballesen ekarpenak ere ageri dira bertan. Musikaren alorrean, hainbat laguntza jasoko ditu: Jonathan Bews biolin-jole eskoziarra, Luis Caminoren perkutsioak, Pello Ramirezen celloa, Iñaki Zabaletaren pianoa, Josu Zabalaren akordeoia, eta abar.

 

 

Espilue lanak (GH032 – 2000), berriz, euskal musikagintzako kantautorerik interesgarrienen mailara goratuko du Mikel. Freskotasunik batere galdu gabe, askoz ere landuagoa eta konplexuagoa da disko hau, eta soinu berrien bide berriak zabaltzen dizkigu, baina betiere bere estilo bereziari eutsiz.

Laguntzaile gisa aritu diren musikari ugarien artetik, berriro ere, Jonathan Bews, Pello Ramirez eta Josu Zabala aipatu behar ditugu, baina beste batzuk ere ageri zaizkigu, hala nola Bingen Mendizabal, Pablo Tato edo Rogelio Botanz, besteak beste.

Lan berri honetan argitaratzen diren testuetako batzuk Kirmen Uriberenak eta Igor Elortzarenak dira.

 

Bar Puerto (GH042 - 2001) lanean, aldiz, desagertzear dagoen bere jaioterrira itzultzen den gizon baten historia kontatzen zaigu. Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarinen testuetan oinarriturik, interpretazio berri bat egiten da, literatura, musika eta bideoa ikuskizun berri batean uztartuz.

Proiektu honetan folk, jazz edo rockaren mundutik datozen musikariek hartu dute parte, eta halaber, kanta tradizionalak eta berritasun handikoak orain arte ez bezala elkartzen dira.

 

 

 


Heldu Artean lanean (GH049 - 2002) Mikelek bere alderdirik hiritarrena erakusten digu, baina folk ildotik urrundu gabe. Lan pertsonalagoa da, eta kanta guztiak, hamabi guztira, Kirmen Uribek idatzitako bat kenduta, berak idatziak dira. Esan genezake disko irekia, freskoa eta naturala dela, lehen probak errespetatuz eta soinu gordin eta benetako batez jantziak.

Lagun Artean lanarekin (GH DVD01 - 2003) Mikelek musikaren muina zertan datzan erakutsi nahi izan digu, bere entzuleriarekin harreman estuan emanaldi beroa eta etxekoa eskainiz.

 

 

 


Bere lehen DVD da, eta bertan, elkarrizketak, diskoei buruzko informazioa eta, jakina, Mikel Urdangarinen karrera diskografikoan zehar egindako ibilbidearen berri ematen diguten hamahiru gai ere badatoz. Horretarako, denbora horretan aldamenean izan dituen hainbat musikariren laguntza jaso du.

 

 

 

 

Hainbat diziplina artistikoren uztartze harmoniatsua den disko-liburu honetan, bost sortzaile garaikide topatzen ditugu, euskal kulturaren arlo desberdinetan lanean ari direnak: poesian, kantagintzan, zineman, rock alternatiboan eta ilustrazioan: Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde.

Zaharregia, txikiegia agian (GH063 - 2003) lana, New Yorkeko kritikaren iritziz, urteko bost disko-liburu interesgarrienen artean dago, Lou Reed edo Leonard Cohenekin batera, besteak beste.

 

 

Itxurazko atsedenaldi baten ondoren, zeren ez baitio sekula lan egiteari utzi eta hainbat proiektu desberdinetan parte hartu baitu, Dana argitaratu du orain (Elkar KD707 - 2005), bere diskorik eklektiko eta elektrikoena. Bingen Mendizabal, Rafa Rueda, Pablo Tato eta Fernando Saiela lagun izan dituelarik, Pello Ramirez eta Koldo Uriarteren ekarpenak ere jaso ditu, baita Mikel F. Krutziagaren ko-produkzioa eta Kirmen Uriberen testuak bi abestitan.